Saturday, January 20, 2007

bullying


Jazarpena, bullying -a... Hondarribiko gertakariaren ondoren denon ahotan dabilen gaia da. Lehendik ere horrelako arazoak ezagunak baziren, oraingoan ondorioak muturrera iritsi dira, eta horrek kezka areagotu egin du.Ez da errudunak bilatzen aritzeko unea, zuhurtziaz jokatu eta hausnartzekoa baizik. Eta bada zer hausnartua: zergatik sortzen diren horrelako jazarpenak, zer egin daitekeen horiei aurre egiteko edota saihesteko, zer egin dezakeen bakoitzak dagoen lekutik (familian, ikastetxean, gizartean, administrazioan...) eta abar.Eskolan kokaturik, alde batetik, prebentzio lana egin daiteke, eta hori egiten dute Etxarri-Aranazeko ikastolan. Bestetik, daukagun hezkuntza ereduaz eta antolaketaz hausnartu beharko genuke, horrek ere baduelako bere eragina. Juanjo Otaño eta Alex Barandiaranen esku bat bota digute horretan.
Jazarpen egoeren erantzukizuna guztiona da Bullying -a denboran zehar mantentzen den planifikatutako eta nahitako erasoa da, botere gehiegikeriaren egoera dramatikoa adierazten duena, eta nagusitasun-menpekotasun eskema ezarrarazten duena erasotzaileak biktimaren gainean". Horrela definitzen du bullying-a Jose Maria Aviles Gaztela eta Leongo STE sindikatuko Lan Osasun arloko arduradunak. Ikasleen artean gertatzen diren jazarpen egoeren inguruko doktorego tesia egina du eta bullying-aren aurka egiteko programak diseinatuta ere bai.Nora Rodriguez bullying-ean aditua den pedagogoak ere antzeko definizioa ematen du: "Ikasketa zentroetan gertatzen den beldurrarazte prozesua da, sistematikoa eta hazten doana, lagun batzuek beste bati egiten diotena taldearen onespenarekin".Ez da arazo berria, betidanik egon baitira baztertutako lagunak, irainak jaso dituztenak, harroputzak eta ahulak. Gehienetan kaltetuek barruan eramaten dute sufrikarioa, isilpean. Batzuetan ondorioak ikusten dira, bestetan ez. Hondarribiko kasuan ikusi dira, eta horrek ezinegona eta kezka areagotu egin ditu.Jose Maria Avilesek egindako azterketaren arabera, ikasleen % 6k onartzen du inoiz ikaskideek eragindako tratu txarrak jaso dituela. Tratu txarrak eragin dituztela aitortzen duten gazteak % 5,8 dira.Garbi dagoena da hausnartu beharra dagoela. Batetik, horrelako jazarpenak zergatik gertatzen diren jakiteko, eta bestetik zer egin daitekeen ikusteko.Gurutze Zipitria psikoterapeuta eta irakasleak dio umetan gertatzen direla, "helduok ez garelako behar den bezalako ereduak". Izan ere, jasotzen duten eredua, bai etxean eta bai eskolan, egungo gizarte ereduari erabat lotuta dago. Alicia Stürtze historialariaren iritziz "behin eta berriz hitz egin da "balioetan" oinarritutako heziketaren premiaz horrelako arazo guztiei irtenbidea emateko. Haatik, gutxik aipatu dute hezkuntza sistemak bizi duen kontraesana. "Munduko hezkuntza ordena berriaren" ezarpena bizi du orain, eta bere kontsigna nagusiak balio horien kontrakoak dira, hain justu. Edozein eskolak integratu beharko lituzkeen justizia, elkarrizketa, elkartasuna, trukea eta tolerantzia zaharkituta gelditzen dira eredu berri horretan. Munduko merkatu librearen neurrira egindako eredua da, eraginkortasuna eta konpetitibitatea helburu dituena. Kontua ez da hiritar integralak, kritikoak, integratuak eta solidarioak prestatzea, baizik eta "homo economicus" moduko bat, multinazional handien estrategietara eta merkataritza librera eta haren ideologiara egokitua".Erantzukizuna denona daBullying-a ez da gazteen arazoa, gizarte osoarena baizik. Horregatik, erantzukizuna ere denona da, ez gazteena soilik, irakasleena soilik edo gurasoena soilik. Ondorioak ere, denok jasaten baititugu. Avilesek dioen bezala, "biktimari eragiten dio, noski, ondorioak jasaten dituelako. Erasotzaileei ere bai, nagusitasun-menpekotasun harremanean oinarritutako erlazioak edukitzera ohitzen direlako. Ikusleak ere, ezer egin gabe eta beste aldera begira gelditzen badira, moralki egoera injustuak ikusi eta beste leku batera begiratzen ikasten dute".Xabier Barandiaranek ere hala dio: "Gazteek bizi dituzten arazoak gizarte arazoak dira, eta konponbideak gizartera apuntatzen du bere osotasunean: familiaren, eskolaren, herriaren zeregina birdefinitu eta indartzera. Arazoa guztiona da, eta guztioi dagokigu ardura; zeregin hori hezkuntza sistemaren esku edota komunikabideen esku bakarrik geratzen bada, gizarteak porrot egingo du".Erantzukizuna hartu beharra dago, eta serio, gainera. Elias Mendinueta guraso eta abokatuak eta Mirari Bereziartua coach pedagogoak diote ez dugula lasaitu behar, lasai gelditzeak ez duelako ezer konpontzen. "Erantzukizuna, batzuena zuzenagoa bada ere, guztiona da". Ildo beretik mintzo da Koldo Izagirre idazlea ere: "Pedagogiaz espantuka hitz egin eta baliabiderik ematen ez duen politikaria da bakoitza, gelan gertatzen ari dena zuzentzeko gauza izan ez den hezitzailea da bakoitza, semearen ubeldu moral eta fisikoak eztitzeko gai izan ez den gurasoa da bakoitza, bere burua amildu duena bera da bakoitza... baina batez ere tradizioaren izenean edo eguneroko epelean herrian eredu matxomerkea nagusitzen utzi duen oro da bakoitza".Zer egin dezakegu?Ildo horretatik, bigarren hausnarketara heltzen gara: zer egin daiteke? Hasteko, gurasoen eta irakasleen arteko komunikazioa eta elkarlana funtsezkoak dira. Horrekin batera, gazteekiko komunikazioa ere bai; beraien egoera ezagutzeko eurekin egon beharra dago. Harremanak zaintzea funtsezkoa da. Gurutze Zipitriaren ustez harremanei eta sentimenduei leku gehiago egin behar zaie: "Notez eta antzeko gaiez hitz egiten da klaustroetan, baina irakasle bakoitzaren egoeraz eta ikasleekin dituen harremanez oso gutxi hitz egiten da. Edukiei sentimenduei eta harremanei baino askoz garrantzi handiagoa ematen zaie, eta hori aldatu behar da".Jazarpen egoeren aurrean epairik ez egitea ere garrantzitsua da, erasotzaileak, erasotuak eta ikusleak, guztiak baitira kaltetuak eta errua botatzeak ez baitu arazoa konpontzen.Elkarbizitza ahalik eta hobekien bideratzea da egin litekeen gauzarik onena. Bai ikastetxean, bai etxean, bai kalean, bai lantegian... Hainbestetan errepikatzen diren balioak eguneroko bizitzan praktikan jarri eta horien araberako jarrerak lehenetsi behar ditugu. Eta horretarako, gure artean hausnartu eta hitz egin behar dugu. Edonola ere, Avilesen iritziz elkarbizitza giroa hobetzeak ez dakar bullying kasuak desagertzea. "Bi gauza desberdin dira. Elkarbizitza hobetzea da diziplina arazoak, jarrera antisozialak, motibazio falta, interesik eza... konpontzea. Baina bullying-aren jatorria desberdina da eta horri aurre egiteko plan bereziak jarri behar dira ikastetxean".Avilesek antbullying programa bat proposatzen du, eta hainbat pauta zehaztuta ditu. EILAS sindikatuak liburuxka batean bilduta argitaratu zuen, eta egun agortuta badago ere web orri honetan aurki daiteke: www.stee-eilas.org/lan_osasuna/gaiak/Bullying/BullyingEUSK.htmEdonola ere, horrelako neurriak hartu aurretik ongi hausnartu behar dela dio. "Presaka jardutea txarra da. Ekin baino lehen hausnartu egin behar dugu. Ekintzak planifikatzeko denbora hartu behar dugu. Administrazioek, arduradun politikoek, hezkuntza arduradunek, profesionalek, familiek... lor dezagula gure zentroak seguruagoak izateaz gain sanoagoak izatea. Zeren hau ez da segurtasun arazoa soilik, baizik eta osasun arazoa: eskola osasuna, afektibitate osasuna, osasun emozionala".